BIZIMODU

TRADIZIONALA

Lehen solairua ibarreko bizimodu tradizionalari eskainita dago, baita ibaiaren garrantziari ere, energia-iturri gisa eta ola eta errota ugaritan erabiltzeko.

Halaber, komunikazio-bideen, gizarte-antolaketaren eta erlijiositatearen berri ematen da, orduko jendeak beti izaten baitzituen gogoan.

 

Nekazaritzarako erabiltzen zituzten tresna bitxiak ezagutuko dituzu, bai eta ogia eta eztia nola egiten zituzten. Ziur gaude solairu honetan jakin-minez ibiliko zarela.

Hona hemen zertzelada batzuk...

oderiagako errotarria

orozkoKO ERREMENTARIAK

LEHOIEN ZUBIA

Errotak

XVII. mendean, erroten loraldia izan zen, artoa ekartzeaz batera. 1796an, 26 errota zeuden Orozkon. Jakina, errotarriak behar zituzten funtzionatzeko, eta harginek zuten harri egokiak bilatzko eta forma egokia emateko ardura.

 

Gaur egun, Europa osoan, Orozkok ditu errotarrien harrobi gehien: 19, guztira. Juan Manuel Perez de Ana bere macizodelgorbea blogean dioen bezala, “gure harria gozoa zen, eta gure arbasoak errotarri-hargin adoretsuak”. 

Argazkikoa Oderiaga mendiko harrobiko errotarria da. Ikustera joan zaitezke

Olak

Hasieran, mendiko olak sortu ziren, besoen ondarrarekin mugitzen zirenak; gero iritsi ziren ola modernoagoak, indar eragile gisa ura erabiltzen zutenak.

 

Orozkon, 12 ola egon ziren funtzionamenduan, bertako baldintza naturalei esker: ikatz begetala lortzeko baso oparoak eta beharrezko indarra ematen zuen ibai-sarea.

 

Orozkoko olarik zaharrenak Erdi Arokoak dira, eta nabarmentzekoak dira Usabelekoa, Torrelandakoa eta Anuntzibaikoa.

Torrelandako multzoa

XV. mendean eraikia gotiko estiloan, errota, ola eta Magdalenako baseliza biltzen zituen ustiategi txiki baten erdigunea izan zen. Gaur egun, 15 metro luze den kubo sendoa ikus daiteke, goitik behera eraberrituta.

Dorrea Karlos I.ak konfiskatu zion, beste hainbat ondasunekin batera, Petri Lopez Aiarakoa Aguraingo Kondeari, komuneroen matxinadan parte hartu zuelako; 1523an, Antso Diaz Legizamongoari saldu zion. Egun, Olabarria familiarena da.

Anuntzibaiko multzoa

Anuntzibai ikustekoa da, garaiko familia nabarmenen botere-gune zaharrak ezin hobeto irudikatzen dituen industria- eta egoitza-multzoa baita. Hainbat eraikinek osatzen dute: dorretxea (egun, ez da ezer gelditzen), ola, errota, jauregia, baseliza eta lehoien zubia. Zubia olaren eta ibaiaren bestaldetik igarotzen zen errege-bidea lotzeko eraiki zuten. Izena lau lehoiengatik datorkio: bina ditu sarreran eta irteeran. Dena den, zubiaren ezaugarririk nabarmenena multzorako sarrerako arkua da. Ezinbesteko bisita!

Torrelandako multzora Zubiaur plazatik oinez abiatuta irits daiteke.

Anuntzibaiko multzoa Areta auzoan dago, Laudio eta Orozko artean.

etxeko labea

taloak

argizaiola

baserriko erlauntzak

Ogia eta taloa egiteko prozesua

Duela mende erdira arte, etxe bakoitzak bere ogia egin ohi zuen labean. Zortzi egunean behin egiten zen etxeko labealdia; larunbatetan, batik bat. Taloak ere egiten ziren (arto-opilak), eta egosteko “talo-burnia” edo “taloaska” izeneko metalezko tresna erabiltzen zuten.

 

Tradizioz, ama pontekoek Pazko Ogia (arrautzaz eta txorizoz betetako ogia) egiten zuten Pazko Igandean, euren seme-alaba pontekoei oparitzeko. Egun, ogia egiteko modu tradizionalaren eta industria modernoaren arteko elkarbizitza dago.

Bisitatu Zubiaur plazako larunbatetako azoka. Azkoaga artisau-ogi goxoa erosi ahal izango duzu.

Ostegun goizetan, bisita gidatua ere egin daiteke, Pablok eta Juliak ogia nola egiten duten ikusteko. Museoan bertan kontrata daiteke eta doakoa da (talde txikiak, 15 lagun ingurukoak).

Erleak eta eztia egiteko prozesua

Ohikoa da erlauntzak etxearen osagai izatea. Intsektu sakratutzat hartzen zituzten, eta erlauntzaren jabe zen familiako kide bat hiltzen zenean erlauntzari berari jakinarazten zitzaion, esaldi honekin: “Jatzar zite, buruzagia hil xaize” (esna zaitezte, jabea hil zaizue). Izan ere, erleek egingo zuten hildakoaren beila argiztatuko zuen argizaria.

 

Eztia elikagai energetiko, postre edo gozogarri giza erabiltzen zen, bai eta ozpina lortzeko eta senadagarri moduan ere.

 

Antzina, erlauntzak zuhaitz-enborrak hustuz egiten ziren. Erlauntzaren atzealdetik kea botatzen zitzaien erleei, aurrealdera joan zitezen; hala, burdinazko tresnak erabiliz, orea ateratzen zuten.

“Gozatzeko eztia” ezti goxoa dastatzea ere gomendatzen dizugu, Orozkon bertan egina. Museoko dendan eskura daiteke.

uxuluze BASERRIA

Munukogoikoa BASERRIA

Zurgintza

Eraikuntzan, zura erabili zen gehien, mota guztietako eraikinetan -zibil zein erlijiozkoetan-, batik bat XVI. mendean. Zurginek altzariak eta tresnak ere egiten zituzten, eta museoan dituzu ikusgai.

 

Ibarreko eraikin batzuetan, zuraren erabileraren adibide zoragarriak ikus daitezke.

Eraikin nabarmenenak:

Larra Goiko (Ugalde), Ugalde Goiko (Ugalde), Orbe (Orbe), Sugutxu (Beraza).

Beste adibide interesgarri bat Aranguren dorrea da, Olarte-Ibarran, edo zenbait eliza, hala nola, Zaloako Andre Maria.  

EZAGUTU

HOBETO

OROZKO

inguruan DUZUN MUSEOA

MUSEOA

Informazio erabilgarria: ordutegia, bisita gidatuak, turismo-bulegoa...

AIRE ZABALEAN

Museo honek Orozkoko bailaran zehar jarraitzen du. Aukeratu zure ibilbidea!

IKASI

Pertsonaia mitologikoak, hitz berriak, bitxikeriak...

JARDUERAK

Erakusketak, hitzaldiak, taldeko irteerak eta ekitaldi berri guztiak .

OROZKOKO MUSEO

ETNOGRAFIKOA

Plaza Zubiaur z/g, 48410 Orozko

946 339 823

museoa.orozko@bizkaia.org 

ORDUTEGIA

Asteartetik igandera eta jai egunetan:

10:00 -14:00

Ostiral eta larunbatetan:

10:00 - 14:00 eta 17:00 - 19:00

Astelehenetan: itxita