top of page

Orozkoko eraikin bereziak: Untzuetako gaztelua


Gazteluaren bilakaera


2006-2007an egindako indusketa arkeologikoari esker jakin dugu gaztelua XI eta XII. Mendeen bitartean eraiki zela. Nabariak dira, bestetik, geroko erasoetan izandako kalteak konpontzeko egin ziren saioak. Azkenik, Tello Bizkaiko Jaunak gaztelua lurreratzeko emandako aginduaren ondorioak nabariak dira. Indusketan aurkitutako materialen artean, ugariak dira animalien hezurrak: bertan zeuden soldaduen janari-hondakinak dira. Horrez gain, zeramika zatiak ere aurkitu dira eta, azkenik, erasoetan erabilitako burdinazko gezi-puntak.

Historia


Alde batera utziz oinarri zientifikorik gabe argitaratu diren gazteluari buruzko berriak, agiri historiko fidagarriei esker badakigu XIII eta XIV. mendeetan hainbat eraso jasan zuela. Gertakizun haien zergatia, Gaztelako errege eta Bizkaiko Jaunen arteko egoera liskartsuan bilatu behar dugu. Dakizkigun erasoen artean, Alfontso X Jakitunarena (1277), Antso IV.arena (1289), Alfontso XI.arena (1334) edo Pedro I erregeak agindutakoa (1351) ditugu. Azkenik, Tello Bizkaiko Jaunaren aginduz gaztelua erabat apurtu zen XIV.


Mitologia


Nagusienen esanetan, jentilak Untzuetako gazteluan eta beheragoko Jentilzulo leizean bizi ziren. Behin batez, herriko neska eder bat bahitu zuten bertan. Askatzeko asmoz hara abiatu ziren neska gatibuaren neba biak, burdinazko barra batzuk eskuan. Harresiak bota eta jentilak bertan hil ziren. Horrela askatu zuten neska eta betiko suntsitu zen goiko gaztelua.

Horrez gain, mendiaren inguruetan ugariak dira harri-bola batzuk. Kondairaren arabera, jentilek zerabiltzaten bola edo pilota jokoan aritzeko. Horregatik, jentil-bola esaten zaie inguruetan agertu ohi diren harrizko jaurtigaiei.


Zer ikus daiteke orain bertan


Kontuan izan behar dugu bertan ikusiko duguna, suntsipen baten ondorioa besterik ez dela. Hala ere, nabariak dira barruko dorre nagusia eta bere babeserako eraiki ziren bi harresi sistemak. Horrez gain, hainbat baserritan eta bereziki Orozkoko museoan harresiak apurtzeko erabili ziren harri-bolak daude. horiek jaurtitzeko katapulta moduko jaurtigailu batzuk erabili behar izan ziren eta seguruenik, 1351 urteko erasokoak dira.

Hori gutxi balitz, gailur zorrotzetik amaierarik gabeko paisaia izango dugu, eta hodeiertzeko atal bat izatearen sentsazioa izango dugu.

azken berriak: 
 gure gaiak ...
bottom of page