top of page

Orozko


Orozko Bizkaiko bigarren udalerri zabalena da, 102,4 km2-rekin. Bizkaiaren hego-mendebaldean dago, Arrankudiaga, Arakaldo, Artea, Zeberio eta Areatza bizkaitar udalerriek eta Zuia, Amurrio, Aiara eta Laudio arabar udalerriek inguratua.


Gorbeiako Parke Naturalerako ate natural nagusia da, hau da, kostaldetik datozen haize hezeak geldiarazten dituen hesi gisako mendigune handirako atea. Bertako landaredian nagusi dira baso hostotsuak: pagadiak, haritzak, ametzak, artadiak, erkameztiak eta, orain dela gutxi, koniferoak; belardiak ere garrantzi handikoak dira. Gorbeia osoan Itzina nabarmentzen da, kareharrizko pasaia izugarri eta babesgabea, sakonunez, haitzuloz eta osinez betea: Euskadiko eremu eder, basati eta berezienetakoa.


11 haran eta azpiharanek osatzen dute, eta mendilerro eta gailurrez inguratua dago. Hainbat ibai igarotzen dira bertatik, Altube, Arnauri eta Zenagorta, eta beren urak Nerbio ibaian isuri eta urak Kantauri itsasora eramaten dituzten hainbat ibaiadar; baita Ebro ibaira isurtzen diren Baias eta beste hainbat ibai txiki ere, Mediterraneoan amaitzen direnak.


Orozkok 72 auzo historiko ditu. Horrez gain, beste 46 lekutan jendea bizi da eta auzunetzat hartzen dira. Lurralde itzel horrek ondare ikaragarria du: zutik dirauten hamaika baseliza; sei parrokia-tenplu; dorretxeak; jauregi errenazentistak, barrokoak eta neoklasikoak, etxetzarrak eta XVI. mende hasieratik XIX. mende bukaera bitarteko euskal etxebizitza tradizionalaren tipologia ordezkatzen duten hainbat eta hainbat baserri. Bestalde, ez dugu ahaztu behar “ondare txikia” izenarekin ezagutzen dena. Ez ohi zaio arreta berezirik eman, baina Orozkoko produkzio- eta ekonomia-ehunaren parte izan ohi da. Burdinolez, errotez, presez, ubideez, zentral elektrikoez, teileriez, karobiez, elurzuloez, zuhaitz-mintegiez, kirikino-heiez, ikaztegiez, errotarri-harrobiez, txabolez eta arditegiez ari gara. Gorbeia inguruan nabarmena da historiaurreko aztarna: ehorzketa-tumuluak, triku-harriak, menhirrak eta gela- eta hilobi-kobazuloak.

azken berriak: 
 gure gaiak ...
bottom of page